asteazkena, urtarrila 9

Parte hartzea da inporta duena


Duela egun pare bat Eitb-ra bixita bat egin nuen. Nik  kazetaritza ikasten dut, eta Eitb niretzako benetan gune berezia da. Egia da hasi nintzenetik, bertan lan egiteko ametsa nuela, baina gaur egun are handiagoa da. Arratsaldeko ordu biak ingururako EiTB-ren egoitzan behar genuen egon. Momentu hartan ni ez nengoen urduri, ez da arroa izateagatik, egia da, baina banekien gerora urduri jarriko nintzela. Eta galdetuko duzue: zergatik zenuen susmo hori? Ez dakit ba. Agian inoiz egin ez nuen gauza bat zelako, edo arriskua, nolabait deituz, zegoelako.  Ez nengoen bakarrik ordea, banuen lagun bat honetan ere. 

Eguna arrunta zen. Etxe ezezagun batean esnatu nintzen, eta horrek dakizuen bezala alde onak eta txarrak izan ohi ditu. Kosta zitzaidan bertan kokatzea, goizeroko minutu nahasi horiek igaro artean. Gero ordea esnatu, dutxa eder bat hartu, jantzi eta nire laguna prestatu zain egon nintzen. Ez nuen estereotipoetan erori nahi, baina kasu honetan estereotipo hori egia da, nire laguna neska da eta asko tardatzen du. Baina 13:30etan lortu genuen etxetik irtetea. 

Asteartea zen, eta eguzkiak dir-dir ederra zuen jario. Egun hartan, bakoitzaren bizitzan beti bagara ere protagonista, Euskal Herriko protagonistetako batzuk bihurtu ginen, bai behintzat gure herrian. Donostiako kaleak gurutzatu, ospitaleetako aldapa igo, Miramongo irteeran irten, bidea zuzen jarraitu eta aurrean genuen Eitb-ko txoritxoa.

Sartu ginen EiTB-ra, eta benetan, hori zerua da. Ez dakizue nolako inbidia eman zidaten bertan lan egiten duten guztiek. Sartu ginen eta kamerino batera eraman gintuen Alazne izeneko emakume batek, nonbait saioa gauzatzen duen produktorako casting burua zen. Bertan gainontzeko partaideak zeuden, eta horra hor lehenengo pista, lehiaketa batean hartu genuen parte. Eta Eitbn guztitik nahiko eskas, eta Etb 1-eko saio batera goazela aipatuz gero, guztioi lehiaketa bat datorkigu burura: Mihiluze. 

 

Egia da arrakasta itzela lortu duen saioa dela, eta ez da gutxiagorako. Saio motzak, dinamikoak eta familiarrak. Onartu beharrean naiz, ni ez naiz honelako saioen jarraitzailea, baina ez dizuet esango zein saio gustatzen zaizkidan, askok gurutziltzatu egingo naute eta. Kamerinoan ginelarik zerbitzaria etorri zen eta bazkaltzeko zer zegoen helarazi zigun. Jatetxe bat ematen zuen hark, eta janaria dastatu ondoren, gutxienez lau sardexka ezarriko nizkion, dena mundiala zegoen. Eta lasai lasai bazkaltzen ari ginelarik hara non entzuten dugun ahots ezagun bat. Atsuetako bat zen, Anjel Alkainek interpretatzen duen pertsonaiaren ahotsa zen guk entzun genuena. Eta hara non segundo gutxira atea irekitzen den. Asmatu zein zen hura. Piper beteak ahoan nituela harrapatu ninduen. Onartu behar da ordea une deseroso batean harrapatu baninduen ere, irri batzuk atera zizkigutela eta baita giro ederra sortu ere. Baina laster etorri zen casting arduradunetako bat, kasu honetan Maider, eta makilatzera eraman gintuzten. 

Sekulako giro ederra dago lantaldean bertan, eta casting-eko bi arduradunak, Alazne eta Maider, zein baino zein eroagoak, zentzu onean noski, benetan atsegina egin ziguten bertako egonaldia. Makillajetik irten ondoren, mikroa jarri eta platorantz joan ginen.

14:55 ziren platora sartu ginenean. Guretzako lehen saioa zen hura, baina lantaldeak egun hartan bertan beste bi saio grabatuak zituen goizean. Egokitutako lekuan kokatu, monitorearen nondik norakoak ikasi, eta ekin.
5,4,3,2,1… Hasi da grabazioa. Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano platoan sartu, etxekoei ongi etorria eman eta ohiko aurkezpenak egin ondoren lehen jokoa iritsi zen: bost on. 

Gainontzekoen aldean ondo moldatu ginen, eta gu izan ginen puntuazio onena lortu zuen bikotea. Pozik geunden, eta iritsi zen bigarren froga: gin-kana. Honetan kale egin genuen: bostetik bakarra asmatu genuen eta saiotik bagindoazenaren sentsazioa gailendu zen gugan.  Lehenengo bikotea sailkatu zen final-laurdenera.  Hirugarren frogan , taldetako bat kalera zihoan frogan, guk beste bikotea garaitu eta aurrea jarraitu genuen. Semifinalean egokitu zitzaigun bikotea Oiartzuar bikote famatua zen. Guztira 30 saio egin eta 30.000 euro inguru eraman zituzten. Eta noski, curriculum horrekin, ez genuen finalera iristeko esperantza handirik, baina pozik geunden, hurrengo saio batean itzuliko baiginen.  Berdinduta egon ginen azken une-arte. Berdinketa hautsi behar zen eta galdera sorta bat luzatu ziguten aurkezleek. Lehenengo galdera Oiartzuarrentzat, eta hauek asmatu; bigarrena niretzat, eta asmatu; hirugarrena berriz ere Oiartzuarrentzat, eta honetan kale. Eta hona hemen tentsio unea: asmatuz gero finalera. Baina gure etsipenerako kale egin genuen. Berriro galdera Oiartzuarrentzat, eta asmatu egin zuten. Finalera sailkatzeko lehian jarraitu nahi bagenuen, galdera hau asmatu beharrean ginen. Baina ez zen horrela izan, ez genuen asmatu. Baina ez zigun gehiegi axola izan, bagenekien gogor borrokatu genuela eta hurrengo saioan itzuliko ginela, eta irribarre batekin irten ginen platotik. 

Saioaren grabazioa  amaitu, arropa aldatu eta beste saio baten grabazioan murgildu ginen. Saioa hau guztietan onena izan zen, finalera sailkatu baiginen. Emozio itzela genuen gainean, gure asmoa lehen saioa gainditzea baitzen, eta hori lortzeaz gain finalera sailkatzea eta hirugarren saio baten grabazioan gelditzea, sinestezina zen guretzat. Motor kirolen ingurukoa zen azken froga, eta guk horretan ideia handirik ez genuen egia esan. Zazpi aukerak kokatu genituen nola edo hala, eta ongi egin ez genuenaren sentsazioa genuen guregan. Zazpitik lau asmatu genituen, eta pozik geunden. Gaiaren inguruan ezer gutxi jakiteko, lan polita egin genuen. Eta Ilaski eta Kike kameren aurrean agurtu ondoren bigarren saioaren grabazioa amaitu zen. 

Bigarren saioaren eta hirugarrenaren tarte horretan nekatuta agertu ginen, platoan jasaten ari ginen tentsioak burukomina eragin zigun bioi, baina hirugarren saioan berriro ere bigarren fasera igarotzeko ideiarekin ginen, eta horrela hurrengo asteko grabaziora itzultzeko aukera lortu. Eta hasi zen hirugarren saioaren grabazioa.

Honetan ez genuen ongi egin lana. Nahiko gaizki gindoazen besteekiko eta kalera bota gintuzten. Aipatu behar dut oso puntu gutxigatik irten ginela, baina lehen saioan ere puntu gutxigatik sartu ginenez, nahiko orekatua geratu zen guztia. 

Nik pena itzela nuen. Batez ere Eitb-ra berriro ez itzultzeak eragiten zidan tristura hura. Maider eta Alaznek hemendik bi urtera itzultzeko aukera genuela esan ziguten kontsolatu nahian edo. Jakin ezazu hemendik bi urtera non egongo garen!

Eta hirugarren saioa grabatzez amaitu zutenean, afari-merienda ederra eskaini ziguten. Bitartean, Kike eta Ilaski Kontuz, atsuak! saiorako agerraldi bat grabatzen geratu ziren platoan. 

Gure gauzak bildu, eta guztiez agurtu eta eskerrak emanez, benetan arratsalde ederra igaroarazi baitziguten, etxerantz abiatu ginen nire kotxe beltzean.

Sentsazioa kontraesankorra zen: alde batetik pozik geunden, gure asmoa saioa bat igarotzea baitzen eta hori soberan lortu genuen; baina hurrengo grabaziotik hain gutxira geratzeak tristura eragin zigun. Baina benetan esperientzia atsegina, ona eta guztiz gomendagarria. Seguru nago berriro ere itzuliko garela. Zuek adi egon eta ez utzi mihiak luzatzeari.