asteazkena, urtarrila 9

I


Gaurkoan egun berezia izan da niretzat. Egia esan, lurralde ezezagun honetara iritsi naizenetik izan dira berezi egun guztiak. Bi pisu-kide ditut, Omar eta Carlos, eta biak dira benetan lagun. Besoak zabalik hartu naute. Batak 28 urte ditu, eta besteak 21. Eta eskerrak biei, gainontzean ez dakit 4 eta 5 milioi artean dituen hiri kosmopolita honetan nola moldatuko nintzen. Larunbata 5 izan nuen iritsiera eguna. Eta han nituen biak aireportuan zain, nire izena idatzirik zuen kartel handi bat zutelarik esku artean. 

-¿Eres Jon?- zioen Omarrek azentu mexikar nabaria zuelarik. 

Nik baiezkoa esan eta auto gorri batean igo ginen. Aireportutik etxera iristea 20 minutu inguru kosta zitzaigun, eta bidaia guztian joan ziren ikusten genuen ororen inguruko azalpenak ematen. Etxean bezala nahi zuten sentitzea biek, eta baita lortu ere. Etxera iritsi, eta nire gauzak logelan kokatzen lagundu zidaten eta hori egiten ari ginelarik… tirirririiriiinnnn.
 
 
Txirriñak jo zuen. Atearen bestaldean emakume bat zegoen. Ilehoria, benetan luzea, argala eta zergatik ukatu, ederra zen oso. Izena: Antonia. Zertzarete urduri emakumea zein den jakin nahian? Jaja. Carlosen neska zen bera. 

Etxera sartu eta bota zuen galdera hurrengo hauxe izan zen:

-¿Donde esta el roomy español?

Ikusi bezain pronto beso artean hartu ninduen eta baita muxu bat luzatu ere. Nik orain arte ez nekien Mexikon ez zirela bi muxu ematen. Orain arte muxuak eman ditudan aldiro, eta sinistu ez direla gutxi izan, bi egun hauetan pertsona ugari ezagutu baitut, lehen muxua ondo, baina bigarrenarekin jada enuen iñor emateko, eta postura arraroan geratzen nintzen, hemen muxu bakarra ematen baita. Jada ohitu dira klase-kideak eta baita Antonia bera ere, eta jada bi muxu guretzako ohikoa den erara ematen ditut. 

Baina koka gaitezen berriro maletak husten ari nintzen momentuan. Guztia antolaturik utzi, eta kotxean sartu eta erosketa batzuk egitera joan giñen. Nire maindireak eta antzeko kontu ugari erostera eraman zidaten. Gela eder eder geratu zait. 

Lehen egunak ez zuen gehiagorako eman, 24 ordu baino gehiago hegazkinetik igo, jaitsi, berriro igo, jaitsi… eta hegazkin ugari pasa ondoren ziplo erori nintzen ohean.


Begiak argi artean ireki zitzaizkidan. Igandea zen. Urtarrilak 6. Errege eguna. Goizeko 10ak. Gelatik irten eta hara non egongelako mahaian errege pastel handi bat ikusten dudan. Hori gosaria bota genuen. Laurok ginen etxean. 

Igandean Monterrey ezagutzera eraman ninduten. Museo ezberdinak, denda ugari, taberna eta lokal bereziak… denetik erakutsi zidaten, baita Mexikon hain famatuak diren takoak afaltzera eraman ere, eta elkarri galdera ugari egin genizkion. Lehenik ohikoak direnak, familia, ikasketak, lana… baina niri benetan atentzio gehien deitu zidana Euskal Herriari zegokiona zen. 

-Vosotros queréis la independencia de vuestro país verdad?-