astelehena, urria 3

ZORIONAK GOIZUETA!! marka guzik hautsi ta 506 kizkilaun elkartu giñan atzo!!

Kizki Eguna ospatu zen larunbat honetan Goizuetan. 2009an Astigarragak ekin zion erronka honi eta Oiartzuarrei pasa zieten testigua. Iaz Oiartzunek Goizuetari pasa zion testigua, aurreko bi markak gainditzeko erronka onartu zuelarik.

Sagar biltze herrikoian, 2009an 311 lagun bildu zituen Astigarragak. Oiartzuarrei egin zieten desafioa, eta haiek 354 lagun bildu zituzten. Goizuetak aurreko bi markak gainditzea lortu du 506 pertsona elkartuz herriko plazan kizki erronka gauzatuz.

Eguerdiko 12:00etan egin zen Kizki erronka eta 13:00etan ekin zitzaion kontaketari. Erronka kizkia altxa, sagarra hartu, kizkia erakutsi eta sagarrak saskira botatzean oinarritzen da, guztia sagar erraldoi baten barnean eginez. Marka gainditu zela ikusirik, txotx eginez ospatu zuten Goizuetara gerturatu ziren guztiek.

Egun osoko festa antolatu zen: goizean, sagarrarekin eta sagardogintzarekin zerikusia duten produktu eta tresneriaren azoka egin zen herriko plazan; eguerdian ekitaldi nagusia, kizki erronka; 14:30ean herri-bazkaria egin zen; arratsaldean herri kirolak; eta eguna amaitzeko trikitilariak ibili ziren herriko kaleetan zehar.