asteartea, otsaila 12

Supermerkatuko poltsak


Hona iritsi nintzenean gutxi gorabehera banekien zer izango zen aurkituko nuena. Eta onerako eta txarrerako izan ditu aldaketak pertzeptzio horrek. Munduan zehar dabilenak badaki aldaketak ugariak direla txoko batetik bestera, herrialde batetik bestera, eta hauetara ohitu ezean, sentsazio txarrak onak baino gehiago izango direla. Baina badira batzuk nahiz eta ikusi, eta nahiz eta hemengo jendeak normaltzat jo, ni neu onartzeko gai ez naizena, eta inoiz onartuko ez ditudanak. 

Gaurkoan, klase artean International Brunch izan dugu nazioarteko ikasleok, eta benetan janaria izugarria zegoen, eta hizketaldia are hobea. Bertan gainontzekoez herrialdeetako ikasleez  gain, euskaldun bat, kataluniar bat eta galiziar bat geunden. Brunchean, bazkaltzeaz gain, hitzalditxo batzuk eta debate moduko batzuk izan ditugu. Ariketaren parte zen. Bertan geunden herrialde ezberdinetako pertsona guztien herrialdeen inguruko baloreak zeintzuk diren erabaki behar genuen, eta Mexikorena baita ere, naiz eta nazioarteko ikasle mexikarrik ez izan, logikoki. Eta asmatu, Espainiaren baloreak: familia, tradizioa, dibertsitatea, umorea eta festa izan dira. Eta nik hauek onartu egin ditut, baina izan da asko gustatu zaidan gogoeta bat. Hau nire lagun galiziarrak bota du: “Dibertsitatea ugaria da bai Espainian, baina gero denok mutur joka ibiltzen gara (autonomien artean)”.

Asko gustatu zaidan beste hausnarketa bat gure koordinatzaileak egin duena izan da: “Konturatu al zarete Espainiarrek zein autonomietakoak diren aipatu dutela? Jonek Euskal Herrikoa dela esan du, eta ez du aipatu Espainiatik datorrela. Eta berdin Espainiatik datozen gainontzekoek ere. Aldiz besteok herrialdea bere osotasunean aipatu duzue: Alemaniarra, Estatu Batuarra…” Ni ez naiz erori horretan, baina arrazoi zuen. Eta gustatu zait.

Mexikorengatik hitz egitean berriz, bere baloreak irekia, eskuzabala, eta dibertsitatea izan dira. Honetan bertakoek Mexikori buruz galdetu digute. Nik onartu behar dut Mexikok momentuz ez didala erakutsi bere alde iluna. Ez dut ikusi hildakorik, ez tankerik, ez drogarik, ez antzerako ezer, baina inguruan ditudanek aipatzen didatenaren arabera, duela urte eskas arte guzti hau egunerokoa zen. Antza denez, Monterrey militarrak sartu ziren narkotrafikoari aurre egiteko. Narkotrafikoak honen aurrean jendea hiltzeari ekin zion. Larunbatean kontatu zidaten esaterako, Monterreyko kasino batean 300 pertsona inguru hil zirela bertako jabeak narkotrafikoari eskatzen ziona ordaindu nahi ez ziolako. 

Edo bertako lagun batek aipatu zidan kalean nolabaiteko mugak jartzen zituztela. Bertara heldu, kotxetik jaisteko esan eta kotxea eta zenuena kentzen zizutela. Hala ere nire lagun honek azeleradoreari sartu eta aurretik eraman zituen. “Ellos o yo” zihoen. 

Nire unibertsitatearen kanpoaldean ere hil zituzten bi ikasle,narkoen eta militarren artean zegoen tiroteo batean. Militarrek narkotrafikanteak zirela konfundituta hil zituzten. Honen aurrean militarrek Unibertsitate Tecnologikoko txartela kendu, liburuak eta antzerakoak kendu eta narkoak zirela esan zuten publikoki. Hau gerora ordea argitua izan zen. 

Honelako istorioak baditut ugari eta joango naiz kontatzen. Gaur egun, gobernu aldaketari esker, badirudi gobernua berriro narkotrafikoak erosi duela eta guztia lehengora itzuli dela. Eta hemengo jendeak nahiago du horrela, nahiz eta badakiten beraien dirua lapurtzen dutela. Narkotrafikoa eguneroko bihurtu da, eta gobernuz gaindiko indarra lortu du.
  
Baina gaiaren muinera itzuliz. Niri atentzio asko deitu didan kontua, eta brunchean argiro azaldu dudana hurrengo hauxe izan da: Ni Mexikora iritsi nintzen lehen egunean, etxea antolatu, maletak hustu eta antzerakoak egin ondoren supermerkatu batera joan ginen, Walmart izeneko supermerkatua zehazki. Bertan produktuak hartu ondoren kaxarantz joan ginen. Eta kajera produktuak pasatzen joan ahala hara non hasten den 80 urteko aitona bat nire produktuak poltsetan sartu eta nire karroan sartzen. Hau oso arrunta da hemen, jubilatuak jendeari beraien erosketak poltsetan sartu eta karroan ezartzen joan ohi dira propina baten truke. Hau Mexikoko pentsioak barregarriak direlako da eta jubilatuek lanean jarraitu behar izaten dute bizirauteko. Izugarrizko pena eman zidan horrek, eta hildakoak, tankeak eta narkoak baino askoz ere tristeagoa iruditu zitzaidan. Imajinatu zure aitona edo amona supermerkatu batean 10 orduz produktuak poltsetan klasifikatzen propinen truke. Lotsagarria, eta guztia korruptzioaren erruz. Euskal Herrira iritsiko ote zaigu honelakorik? Pentsioak desagertzean, hauek desagertu edo murriztuko baitira era batean edo bestean, supermerkatuetan edo beste nonbait antzerako lanetan aritu beharko ote dugu guk edo gure gurasoek, lanean sos batzuen truke? 

Okerrena ordea ez da hori, txarrena, jendeak normaltasun osoz hartzea da, ohituta guztiak, Irak, Afganistan eta antzerakoetan gertatzen diren hilketak eta zapalketak egunero hartzen dugun normaltasunean hartzea bezala, edo Txina, Hego korean eta Taiwanen Zara eta milaka arropa dendatako arropak, gero eta denda gehiago, giza eskubideak urratuz eta kondizio sinestezinetan egitea normala iruditzen zaigun bezalaxe. 

Brunchak hurrengo astean jarraituko du eta izango da zer edo zer.

Bitartean ondo izan eta zaindu.

Jon