larunbata, azaroa 5

Goizuetako Gazte Asanbladaren 20 urteak ospatzeko jaialdia burutuko da azaroaren 12an

1991n hasitako ibilbideari eutsi dio Goizuetako Gazte Asanbladak 20 urtez, eta  “ttirriki ttarraka” aurrera jarraitzeko asmotan direla adierazi dute. Azaroaren 12a egun handia izango da, egun guztiko ekintza anitzekin batera Des-kontrol, Bongo Botrako, Esne Beltza eta 3gabe2 taldeen kontzertuak antolatu baitituzte.
 
Goizuetako Gazte Asanbladaren oharra:


Nork ez ditu ikusi uda honetan www.ttirrikittarraka.tk helbidea soilik jartzen duten pegatinak edozein parrandatan?
Sarean sartu eta helbide hori idatzi duena honezkero ohartu da azaroak 12an  izugarrizko festa izango dela Goizuetan. Izan ere, bertako Gazte Asanbladako kideok badugu zer ospatua. 1991an hasitako ibilbideak 20 urte bete ditu eta aurrerantzean ere ttirriki ttarraka aurrera jarraitzeko asmotan gara.
Ospakizun gisa hainbat ekintza antolatu badira ere urte osoan zehar, azaroak 12a da gorriz seinalatutako eguna da. Goizean goizetik hasitako egitarau mardula prestatu dugu azaroaren 12rako.
Egitaraua:
  • 10etan, argazki erakusketa irekiko da gaztetxean. Bertan, 20 urte hauetako argazkiak ikusi ahal izango dira.
  • 11etan, graffittia eginen da gaztetxean.
  • 12etan, udaletxetik argazki erraldoia aterako dugu.
  • Jarraian, trikipoteoa izango da herriko trikitilariekin.
  • 14.30ak aldera, herri bazkaria izanen da Eskoletako Frontoian. Honi, bazkal ondorengo enkanteak emanen dio segida; bertan, herriko nahiz kanpoko hainbat artistek emandako materialak enkantean emango direlarik.
  • 18:00etan, herriko gazteek egun honetarako espreski sortutako PatxaranG.A. izeneko elektrotxarangak alaituko ditu kaleak
  • 21.00etan, eguneko ekitaldi  nagusia izango da Goiko frontoian.
  • Ekitaldiaren ostean, Des-kontrol, Bongo Botrako, Esne Beltza eta 3gabe2 taldeak taularatuko dituen kontzertu gaua.
  • Bitartean, frontoi ondoan dagoen gaztetxean Dj Bull egonen da musika jartzen.

Egun honekin Goizuetako Gazte Asanbladak 20 urteko ibilbide hau ospatu nahi du, eta bide batez ibilbide honetan guztian gaztetxekide izan diren, gugana hurbildu diren nahiz gu ezagutu nahi gaituztenei opari bat egin, 20 urtetako ilusioak eta ametsak eraikitzen jarrai dezagun, ttirriki ttarraka maldan gotti!
Ohar garrantzitsuak:
  • Egun honetarako, informazio desberdina helarazi asmoz, ttirrikittarraka.tk bloga sortu dugu. Bertan, egitarauaren sarreren eta gainontzeko kontuen gaineko informazio guztia izango duzue eskura.  Esan beharra dago, arrakasta haundia izan duela blogak, 11.000 bisita pasatxo izan baititu denbora epe honetan.
  • Esne beltza taldeak abesti bat egin du Goizuetako Gazte Asanbladaren 20.urteurrenaren aitzakian. Kantu honen grabaketan Joseba Tapiak eta herriko amona den Mañolik ere parte hartu dute.
  • Sarreren salmenta bizkor doa. Goizuetaz gain, Hernanin, Leitzan, Oiartzunen, Lesakan eta Donostian ere salgai daude sarrerak 10 euroren truke (egunean bertan 12 euro).
  • Jendeak kotxea hartzea eragotzi asmoz, autobusak egonen dira Hernani eta Leitzatik.  Hernanitik arratsaldeko 18:30etan aterako da autobusa (Atsegindegitik) eta Leitzatik 20:00etan (autobus estaziotik). Txartelak Hernaniko Garinen eta Leitzako Torrean hartu daitezke 3euroren truke. Itzulera goizeko 6:30etan izanen da Leitzara eta 7:30etan Hernanira, biak Goizuetako plazatik. Itzulerako txartelak autobusean bertan egongo dira salgai.
  • Parranda egin ondoren kotxea hartu nahi ez  duten edo besterik gabe lo pixkat egin nahi dutenentzat, akanpatzeko aukera egongo da eskolako frontoi barruan.
Info+ ttirrikittarraka.tk