astelehena, azaroa 28

Karrape irratia: 15 urte



Karrape irratiak 15 urte bete ditu. Nahiz eta gaur egun euskal komunikabideen egoera nahiko zaila izan, eta are gehiago herri txikietako komunikabideena, Karrape irratia martxan dago, herritarrei ahalik eta informazio gertukoena, osatuena eta herrikoiena emateko asmotan.

Karrape irratia Leitzako irrati katea da, eta bere programazioa euskara hutsean emititzen du.

1996ean sortu zen herri irrati bat sortzeko ideia, eta gaur egun ere martxan dirau.  Herriko zenbait lagun ziren, kultur taldeko, euskara zerbitzu eta euskalgintzan zebiltzan lagunen ideia izan zen, Euskararen normalizazioaren bidean lan polita egin zezakeela uste baitzen. Honetaz gain herriko berriak, informazioa… zabaltzeko tresna ona zela uste zuten. Beraz batekin eta bestekin hitz egin ondoren, irrati baten nondik norakoak ikasi ondoren, ikastaro pare bat antolatu zituzten eta honela herri irratiari hasiera eman zitzaion. Euskara ardatz zuen proiektua gaur egun ere bizirik dirau. Finantziazioa udaletxearen esku dago eta ondorioz alderdi politikoek zeresana badute irratiaren moldaketan. UPNko zinegotziek erdara tartekatu nahi zuten. Baina azkenean, euskaraz soilik jarduten zuen irrati izaten jarraitzea lortu zuten beste alderdiek.

Irratiaren programazioa hainbat alorrek osatzen dute, hiru orduko magazina egiten da egun irratian. Herriko nahiz Euskal Herriko informazioaz gain, kolaboratzaile ugarik osatzen du programazioa: Gizartze zerbitzu, Liburutegiko liburuzaina, Feminismoa, Kirolak (herri kirola, pilota, futbola…), Iratxe kontsumitzaileen bulegoko kideak, txakur heziketa, musika saioak eta osasunaren arloan dietista bat; Nafarroako euskal irratietako informazioari ere tartea egiten zaio irratian, modu honetan nafarroako beste eskualdetako albiste, berriak jasotzen ditu; entzuleek parte har dezaten, zorion agurren tartea, lehiaketa, abixuen tartea… Bestelako eta gizarte gaietako elkarrizketa ugari ere izaten da egunerokoan, entzuleari informazio espezializatua eta gaurkotua emateko asmotan. Urtean zehar saio bereziak ere egiten dira, hala nola, festak, ihauteriak, kultur astea... jorratzen dituen  saioak.

Unai Sagastibeltza, Karrape irratiko esatariak hasieran irratia herri informazioan oinarritzen zela aipatu digu, eta Euskara zela oinarri nagusia, hala ere hasieratik Euskal Herriko informazioa ere eman izan dela aitortu du.

"Hasiera gogorra izan zen, lau inaugurazio

egin ondoren entzuleek karrape irratiaren

seinalea sintonizatzeko aukera izan zuten"

Anabel Alduntzin

Unai Sagastibeltza: "Nik uste informazioak jarraitzen duela irratiaren ardatza izaten, baina gaur egun eduki aldetik aberatsagoa dela esanen nuke, kolaboratzaile gehiago, gai desberdin gehiago... Baina hasierako espirituak, euskarak eta herri informazioak jarraitzen dute irratiaren jaun eta jabe" .

Hasierak ez dira errezak, eta Karrape irratiaren hasierako asteak, hilabeteak… entzuleak bereganatzeko garaia izan zen. Anabel Alduntzin, Karrape irratiaren lehen esataria izan zen eta aipatu digu hasiera nahiko gogorra izan zela, eta esan digunez horren adibide da irratiaren lau inaugurazio egin izana.

Karrape irratiaren emisioak hasi zituztenean, Karrape Irratiari esker, Leitzan bertako berriak euskaraz entzuteko parada zegoen. Gainera, programazioa amaitzen zenean Euskadi Irratiaren seinalea emititzen zuten. Jendeak oso erantzun ona eman zuen. Anabel Alduntzinen ustetan, ordura arte zegoen euskarazko informazio falta hori nolabait Karrape Irratiak bete zuen.

Nobedadea zenez  kuriositatea zegoen, aitortu du Unai Sagastibeltzak, baina Leitza herri txikia dela, 3 orduko saioa egiteak lana dakarkiela atzetik, ordu ugariko lana, ingurura jo behar dela eta gaia berezia edo interesgarria eta Leitzalderako modukoa bada  hemendik ere atera behar dela. Leitzako irratiak Leitzako gaiak jorratzeaz gain, gai zabalagoak ere jorratzen ditu, esparru eta lurralde zabalagoetara mugatzen direnak.

"Egunean egunekoa ahalik eta era

txukunenean egin, gozatu egiten

dudanarekin, eta aurrera"

Unai Sagastibeltza

Unai Sagastibeltza: "Askotan ez da erraza zuk nahi dituzun pertsonak irratira ekartzea, denetatik entzun dadin, alegia, kolore guzietako jendea ekartzea askotan nekeza da, baina saiatu saiatzen gara. Hilabetero herriko alkatearen bisita izaten du irratiak herriko udaletxearen nondik norakoak kontatzeko; beste taldeekin mahai inguruak egiten ziren orain gutxi arte denen iritzia egon zedin, eta orain normala den bezala maiatzaren 22ko hauteskundeak direla eta gonbidapena denei igorriko zaie".


Unai Sagastibeltza bi laguntzailerekin, Joseba Urkiola eta Felixa Ustoa, karrape irratiaren emisio berezi batean

Unai Sagastibeltzaren ustetan, entzulea mantentzea eguneroko lana da, hasieran eta orain. Audientzia kalkulatzeko egin diren inkesta eta galdeketen adierazten dutenez, karrape irratiak entzulego fidela du, egunean zehar herriko biztanleen %20ak sintonizatzen baitu irratia, eta hori dela eta entzule fidel hori mantentzeaz gain, entzule berriak lortzen saiatzen da. Gaur egun Leitzako irratiak entzuleekin harreman zuzena uztartzeko hainbat saio ditu, hala nola, lehiaketak, telefono deiak, zorion agurrak... Unai Sagastibeltzak argitu digunez, entzulea irratiaren "parte" sentiaraztea dute helburu. Honetaz gain, irratiaren emisioan parte hartu nahi ez duen jendearentzan, emaila, telefonoa eta gutunak uzteko buzoia ere badu irratiak. Hauen bidez entzuleen eskaerak, kritikak, proposamenak... jasotzeko aukera du irratiak.

Olatz Alduntzin karrape irratiaren entzuleak argitu du informazio "txukuna, ondo landua eta gertukoa" eskaintzen dutela. Olatz Alduntzinek 18 urte ditu eta txikitatik bere etxean karrape irratia entzun dela esan du. Horretaz gain karrapeko lehiaketetan parte hartzeko ohitura handia duela aipatu du eta hainbatetan sari ugari irabazi dituela. Bere ustetan, Karrape irratia herriarentzako komunikabide garrantzitsua da eta "ezinbestekoa" herriaren garapenerako.

Unai Sagastibeltza: "Ez dut urrutira begiratzen, egunean egunekoa ahalik eta era txukunenean egin, gozatu egiten dudanarekin, eta aurrera, datozen trabak gainditu eta Euskararekin beti aurrera, kasu honetan irratian. Gaur egun irratia oso uztartua dago herrian eta ez dut Karrape irratirik gabeko Leitzarik imajinatzen baina tira zeinek daki".