astelehena, azaroa 28

«Azaroaren 12a goizuetar guztien gogoan geldituko den eguna»


JON MUTUBERRIA ALKORTA

1991n hasitako ibilbideari eutsi dio Goizuetako Gazte Asanbladak 20 urtez, eta  “ttirriki ttarraka” aurrera jarraitzeko asmotan direla adierazi dute.
 Festa handia antolatu zuten azaroak 12an Goizuetan herriko gazte asanbladaren 20.urteurrena ospatzeko. Egun guztirako programa prestatu zuten, baina dudarik gabe, hitzordu garrantzitsuenak gaueko kontzertuak izan ziren, punta puntako Des-Kontrol, Bongo Botrako, Esne Beltza eta 3 Gabe 2 taldeak aritu zirelako jendaurrean.



Antolatzaileek adierazi zutenez, jende andana elkartu zen, izan ere, guztira 1700 kontzertu sarrera saldu baitzituzten. Hasiera batean 700 sarrera jarri ziren salgai, baina jaialdia burutu baino bi aste lehenago sarrerak amaitu ziren. Hori dela eta, jende gehiago etorri zedin, txartel kopurua handitu eta kontzertuak lekuz aldatzea erabaki zen.


Musika saioak 22.00tan hasi ziren eta besteak beste, Esne Beltzak Joseba Tapiaren eta herriko amona den Mañolik  Goizuetako gazte asanbladaren urteurrena ospatzeko egin zuten abestia entzuteko aukera izan zuten bertaratu zirenek. 

Hala ere, kontzertuez gain, beste hamaika hitzordu izan ziren goiz goizetik. Izan ere, jaieguna 10.00tan hasi zen azken bi hamarkadetan ateratako argazkien erakusketarekin eta ordubete geroago, egun seinalatua oroitaraziko duen grafitia egin zuten gaztetxean.

Eguerdian, berriz, argazki erraldoia atera zuten plazan, 20 urte hauetan zehar gaztetxearen kide izan diren guztien parte-hartzearekin, eta jarraian, triki poteoa eta herri bazkaria izan ziren.
Ondoren, herriko nahiz kanpoko hainbat artistek emandako materialekin enkantea egin zuten gazte asanbladakoek eta, giroa alaitzeko, egun honetarako espreski sortutako Goizuetako PatxaranG.A. izeneko elektrotxarangak alaitu zituen herriko kaleak.


Azaroak 12ko jaialdiz gain, urte guzian zehar joan dira Goizuetako Gazte Asanbladako kideak ekintzak antolatuz, hala nola txokolatadak, talo jateak, bertso afariak…. Baina indar gehiena izan duen ekitaldia azken hau izan da.

Egun honekin Goizuetako Gazte Asanbladak 20 urteko ibilbide hau ospatu nahi izan zuen, eta bide batez ibilbide honetan guztian gaztetxekide izan diren, beraiengana hurbildu diren nahiz ezagutu nahi izan dituztenei opari bat egin, 20 urtetako ilusioak eta ametsak eraikitzen jarrai dezaten, ttirriki ttarraka maldan gotti!