asteazkena, urria 17

Urriak 21: Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak


Urriak 21eko hauteskundeak gainean ditugu, 4 egun besterik ez dira falta eta hautagaiak beraien azken hatsa botatzen ari dira jada. Guztia esanda dago dagoeneko eta ezer gutxi aldatuko da hurrengo egunetan. 

Azken aurreikuspenek Eusko Alderdi Jeltzalea jotzen dute garailetzat, EH Bilduk oso gertutik jarraitzen diolarik. EAJ-ak botoen %33,9 eskuratuko luke, 24 eta 26 eserleku lortuz; EH Bilduk berriz 19 eta 21 eserleku artean eskuratuko lituzke, eta bigarren indar politikoa izango litzateke Euskadin; PSE-EE izango litzateke hirugarren indar eta 14 eta 17 eserleku artean eskuratuko lituzke; eta talde handien artean azken postuan PP kokatuko litzateke 11 eta 12 eserleku artean eskuratuz. 2009ko hauteskundeekin alderatuz alderdi guztiek galtzen dituzte botoak eta eserlekuak, EH Bilduk ez ezik noski, aurten aurkezten baita lehen aldiz Euskadiko hauteskundeetara. Labur labur aipatuz, EAJ-ak 5 eserleku galduko lituzke, PSE-EEk 9 eta PP-k eserleku 1 galduko luke

http://www.electometro.es/wp-content/uploads/2012/06/Pa%C3%ADs-Vasco-junio-2012.jpg
Guztiek egin diote erreferentzia krisi ekonomikoari, batzuek beste batzuk baino gehiago, eta independentziaren itzala ere oso presente egon da azken hilabete honetan. Katalunian gertatu denak, Euskal Herriari berriro ere sentimendu hori berpiztea eragin dio, lokartuta zuenari noski, eta horrek ere kanpainan bere eragina izan du. Askorentzako azken hau abantaila izan dela esan daiteke: EH Bilduk eta EAJ-k independentziaren eta burujabetzaren alde egin baitute, beraien mitinetan krisi ekonomikoari presentzia txikixeagoa emanez eta independentziaren ideia sartuz. Kontrako aldean kokatu da berriz alderdi popularra. Raxoi garatzen ari den murrizketei pisua kentzeko balio izan baitio independentziaren ideiak eta bere hitzaldi orotan oso presente egon da. 


Honen harira, Basagoitik Donostian eskaini zuen mitinean hauxe aipatu zuen,“Urkulluk eta Masek, EAJk eta CIUk, guztiona den Espainia desegiteko akordio bat daukate, eta bien artean zuzenduko dute guztia, denboraren arabera”.

Horrez gain, hauteskunde hauetan elkarbizitzarako eta ekonomiarako mehatxu eta arrisku handienak EAJ eta Iñigo Urkullu direla gaineratu zuen buruzagi popularrak.

 
Bilduren lehen helburua berriz, enplegua sortzea da Laura Mintegiren esanetan, eta horretarako beraien proposamena modelo ekonomikoa aldatzea da. 

Krisia eragin zuten “iraganeko errezetak” albo batera utzi behar dira, eta gaur egun azpiegitura handiak egiteko erabiltzen den dirua “jarduera ekonomikoa indartzeko eta ikerkuntzan, berrikuntzan, formazioan eta energia berriztagarrietan inbertitzeko erabili behar da”, gaineratu du EH Bilduko lehendakarigaiak.


 PSE-EEk berriz, aldarrikapen independentistak kritikatu ditu kanpainan zehar, eta hori ez dela irtenbidea azpimarratu du, “kontrakoa baizik, bakoitzak bereari heltzea baita”.

Lehendakariak Mariano Raxoiren Gobernuak egindako murrizketen inguruan azaldu duenez, “krisiari aurre egiteko beste modu batzuk badaudela erakutsi dugu, zuhurtziaz jokatuz eta lehentasunak markatuz, murrizketarik gabe. Murrizketarik egin ez duen erkidego bakarra gara”.


Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak kanpainan zehar argi utzi du industria izango dela EAEko ekonomia berpizteko abiapuntua. Gainera EAJk Urkulluren esanetan ez dio independentziari uko egiten”.


Argi dago guztia datorren igandean, urriak 21, argituko dela eta denbora pasa ahala ikusiko dugula emaitzak eta beraien jarrerak zein izango diren. 

Bitartean, apostuak egitea zilegi da.

Amaitu aurretik, gomendio bat, horretarako norbait banaiz behintzat: botoa emateari ez muzin egin, hau eginez gero irabazlearen eskuetan eroriko baita boto galdu hori. 

Besterik gabe, mila esker zuen arretagatik eta ongi izan.